XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta asmorik ere ez. Orain arte laguntaldean ondo ibili nauk eta aurrera ere zainduko gaituk, bai horixe... Etxean ama bizi den artean, kalean moldatuko gaituk, ez larritu.

XABIER: Arrazoia ematen diat horretan. Orain baino hobeto ez haiz biziko gerora.

NEKANE: Amaiarekin hasi arren oraingoari jarrai zitekek, nahi izanez gero.

JON: Hasieran esaten ditun horrelakoak, baina gero... Martzel ere, ezkondu zenetik zeharo aldatuta zebilek. Lehenago, afaria zela edo bazkaria zela, beti bera aurretik, alai eta umore onean. Beti erretiratzeko presa gabe, etxea gerotxuago ere han egongo zela esanda, itsasuntzia al duk ba! Orain ostera...

IMANOL: Aspaldian ez duk asko agertu guregana, ez.

XABIER: Beti emaztearekin zebilek baina!

JON: Eta konturatu bazarete, aurpegi zorrotza ikusten zaiok gehienetan. Lehenagoko aldian bizipoz gutxi edo...

NEKANE: Tira mutil, hainbesterainoko ez duk izango.

JON: Hainbesteraino ez zekinat, baina aldatu dela, hori ziur.

IMANOL: Niregatik ez zarete ba ibiliko gauza hauek esaten?

XABIER: Martzel ere hire moduan hasi huen, lelo lelo, eta konturatu orduko, elizan!

IMANOL: Bo hi, nahikoa duk. Zera, Gasteizetik hona Amaia ekarri dudala gaur goizean eta gauerako ezkontza kontuekin hasi!

XABIER: Argi ibiltzearren esaten diat.

IMANOL: Hogeita bederatzi urtetan uste duk gaur izan dela lehenengo aldiz neska batekin ibili naizela, edo? Hain arlote aurpegia ote zeukeat?

XABIER: Txarrera ez iezadak har, mesedez, baina hi ez haiz argi horietakoa, ez dakik? Egoten dituk ba, beti tirin taran ibiltzen direnak, batean hemen eta bestean han, batean herriko neska batekin eta hurrengoan kanpokoarekin, zera, udaberrian erleak ibiltzen diren antzera, lorerik lore, beti aldatzen eta inon gelditu gabe... Ez zekiat, Joseba adibidez.